XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baldin sobera erdeinatu baditut, menturaz, kasu gehiegirik egin ez diedan halako jendeen alferrikako aldarriak, ez dut halakorik egin zure estimuarekin; neure bizia eskaintzen baitut estimu hori merezitzeko, ez dut utziko zigorrik eman gabe bortxaz ken diezadaten.

Hanbatenaz baliosagoa da niretzat, non dudarik gabe zorko baitiot egiteko beldur zaren eskari hori, zeinak emanen bailidake, zuk diozunez, zure bihozberatasunaren eskubidea.

Ah! Fermuki galdatu ez ezik, zorko nizula usteko nuke, baldin eskainiko bazenit zuri atsegina gertatzeko okasioa.

Has zaitez bada nirekin bidezkiago jokatzen, ez ni utzirik nigandik zer nahi duzun jakin gabe.

Asma ahal baneza, erran beharraren gaitzetik begiratuko zintuzket.

Zu ikusteko plazerrari erants iezaiozu zu zerbitzatzeko zoriona, eta bozkariotan nagoke zure bihozberatasunaz.

Nork bara zaitzake bada?

Ez ahal zaitu uko baten beldurrak baratuko?

Biziki sumatzen dut beldur hori ez nizula barkatzen ahalko.

Zeure gutuna zuri ez bihurtu izana ez da uko.

Zuk bainoago nahi dut gutun hori sekula izan ez dakidan beharrezkoa: baina arima guztiz eztia zarela uste izatera ohitua, gutun horretan baizik ezin zaitut kausi zuk ageri nahi duzun gisa.

Hartu dudalarik zu sentikor bihurtzeko xedea, gutun horrek jakinarazten dit ezen, xede hori onartu baino lehen, ihesi zindoazkeela nigandik ehun lekoara; zugan duzun guztiak nire amodioa berretzen eta justifikatzen duelarik, gutun hori bera da nire amodioak laidotzen zaituela errepikatzen didana; eta zu ikustetik beretik, amodio hori ontasunik gorena iruditzen zaidalarik, zure hitzak irakurri beharrean naiz jakiteko nire amodioa ez dela zuretzat oinaze izugarri bat baizik.

Orain ulertuko duzu ezen zorigaiztoko gutun hori zuri eman ahal izanik, (...)